Zaldai Mendi Taldea
ZALDAI MENDI TALDEA – (10 URTEOTAKO IBILBIDEA)
Jada 10 urte pasa dira gazte talde bat batu eta Iurretako I. Mendi Martxa antolatzearekin batera Zaldai Mendi Taldea sortu genuenetik, hobeto esanda bersortu.
Taldeari izena ematen dion errekatxoak bezala badu bere ibilbide eta istorio propioa eta hurrengo lerroetan azaldu nahiko genuke:
Abadetxe Gaztetxearen garaian gazte batzuk Zaldai Mendi Taldea sortu zuten, errifa eta bestelako bitartekoen bidez rokodromo bat eraikiz eta eskaladaz gain hainbat ekintza burutuz.
Pare bat urtetako geldialdiaren ostean, gazte belaunaldi berriek hartu zioten erreleboa rokodromoa eraberrituz eta irteeraren bat edo beste antolatuz. Baina zoritxarrez, Abedetxea erre zenetik Gaztetxeak biltzen zituen hainbat proiektu bertan bera geratu ziren eta tartean mendi taldearena ere.
Bizipen hauek gogoan hartuta eta Iurretan mendiaz gozatzeko aisialdiak zuen hutsunea ikusita, 2010-eko udaberrian, mendia gustuko zuen taldetxo bat batu eta hala nola mendi talde bat sortzeko ideiari forma emateari ekin genion.
Hau horrela, San Migel Jaiak gainean genituela ikusita, Jai Batzoardearen laguntzaz Iurretako I. Mendi Martxa antolatu genuen aurrez esan bezala. Antolatzen genuen lehen ekimena izanik, nerbioak airean, ondo irtengo ez zenaren beldurra, herriko jendeak zer nolako erantzuna izango ote zuenaren zalantza, euri txaparrada galanta eta atertzeko desio galanta… Azkenean 50 bat pertsona ausartu ziren euripean ibilbidea osatzen.
Ekimen arrakastatsua izan ez bazen ere, jendearen laguntzeko prestutasunak, animoek eta esker onak, aurrera jarraitzeko indarrak eman zizkigun eta Iurretan Mendi Talde bat martxan jartzea posible zela ikusi genuen.
Hemendik aurrera, taldea formalizatzeko beharrezko pausuak eman ziren. Herritarren babesa topatu nahian, bazkideak egin ziren, 150 bazkidetik gora izanik gaur egun eta urtero mendiko asegurua egiteko aukera emanez. Jendearengandik jasotako proposamenekin irteera desberdinak antolatu izan dira urteotan Euskal Herriko txoko desberdinak ezagutzeko aukera izanik. Iurreta hobeto ezagutuz auzoetatik elkartasun mendi ibiladiak antolatu ziren. Hortaz gain, beste ekintza mordoa izan dira urtero errepikatu izan direnak eta beste batzuk azken urteotan gehitutakoak, jada egonkortutakoak eta urteroko egutegi bat osatzen dutenak: Gallandara urte barriko igoera, eski irteera, Iurretako Mendi Martxa, Mendi Astea, Basatzan – Iurretako Mendi Bizikleta Martxa, Zaldai Mendi Erronka, umeentzako irteerak… 10 urte hauetan lanak pilatzen joan dira eta guzti hau aurrera eramateko lan taldea handitzen joan da apurkanaka. Horren adibide dira, esate baterako Maiztegi Guraso Elkartekoekin batera antolatutako gaztetxoenentzako mendi irteerak. Bestalde, herritarren prestutasuna nabarmendu eta eskertu nahiko genuke, 10 urteotan modu desberdinetan bolondres modura lagundu dutenak, modu batera edo bestera ekintza mordoa posible eginez.
Bukatzeko Zaldai Mendi Taldea Iurretan mendizaletasuna bultzatzeko denon eskura dagoen tresna bat dela gogoratu nahiko genuke. Hau horrela, irteeretan parte hartzeko, edozein proposamen egiteko, bolondres moduan laguntzeko, ekintza berri bat aurrera eramateko zein antolakuntza lanetan aritzeko ateak zabal zabalik daude eta aurrerantzean ere bidea elkarrekin egiteko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.
Bidean elkartuko gara mendia herrira hurbilduz…